XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) Ertzaintzak egiten duen moduan, funtzionari taldea agertu eta haien artetik, Tabuencak, gertatzen ari zena grabatzeari ekin dio.

Geroxeago, bertze funtzionari bati utzi dio kamera eta intsumitu taldearengana hurbildu da zirikatzeko asmoz.

Intsumituen aldetik jarrera bortitzen baten bila zebilen, kamerak har zezan.

Baina ez du lortu.

Kartelak hormetan ziren eta bazkalorduko ekintza falta zen.

Espetxe barruan intsumituak izaten jarraitzen dugula adierazteko modu eraginkorrena da ekintzak egitearena, baina ordainketa latza du ondorio: isolamendua.

Bazkal orduan bertze paper batzuk igo ditugu.

Bularrean itsasita eta kamisetatan pintatuta.

Kartelak zeramatzatenei kendu dizkiete, eta kamisetan idatzita genuenoi, ordea, ez digute kamiseta kendu, nahiz eta haien aitzinetik igarotzerakoan gorroto keinuak adierazgarriak izan diren.

Lauretan nire ziegako atea ireki dute.

Ez didate ezer erran.

Ulertua behar nuen izan senideekin komunikatzera nihoala.

Hara heldu eta senideak noiz sartuko zain gelditu gara komunikazioa genuenok.

Ez da bisita ona izan.

Nire aldetik oso jarrera kaxkarra.

Gauza negatibo guztiak agerian jarri ditut eta ez dira oso pozik atera.

Arratsean, Txitxoren ziegan sartu eta pintaturiko kamiseta kendu diote, bide batez, teorian erabat pribatua eta ukiezina den bere ziegako tabloitik pegatina guztiak kendu dizkiote.

Arratseko patio ordua, eguneko tentsio uneak komentatzeko eta egunean zehar izandako bisiten berri emaiteko izan da.

Patiotik galeriara pasatzeko atea joku-aretoko lehiarrezko kaiolan dagoen funtzionariak irekitzen du.

Eserita dagoen aulkitik horman dagoen botoinera metro bete du.

Ez zutitzearren, makila badute barruan atea irekitzen duen botoina sakatzeko.

Alper hutsak.

Arratsaldean bertan, Mikel, preso politiko ormaiztegiarra, etorri zait joku-aretoko kaiolan telegrama banuela erranez.

Berak kanpotik ikusia zuen nire izena telegraman bertan.

Izan ere, normalean, gutunak eta instantzien erantzunak banatzeko izen zerrenda bat jartzen dute lehiarrean.

Harat abiatu naiz eta barruan zegoen funtzionariarekin (...)